XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bistan da hor hau bezalako perpaus bat, zuen lengoagez ezin ezagut eta lauda dezakezue zuen Iainko Iauna, dela baieztapen horrekin bat ez datorren batek ukatzen duena, erantzunez: Adizu!, ez gara hartarainoko basa, non..., eta kontsekutibo honek bihurrarazten duela ahalera subjuntibo.

Bai, baina kontsekutibo izate hutsak ez, agian.

Beste baldintza bat ere bete behar da, dirudienez, subjuntibora igaro behar izateko: kontsekutibo horren aurreko perpausa ezezkoa (edo galderazkoa, etab.) izatea. (...ez garela hain basa); orduan hartu behar baitu mendeko perpaus horren adizkiak -n atzizkia, gazteleraz ere subjuntibora orduan pasa behar duen bezala, goiko perpaus hartan ikusi dugunez: No somos tan pobres, que no podamos...; ez ordea baiezko beste honetan: Somos tan pobres que no podemos...

Eta euskaraz ere, dirudienez, gauza bera gertatzen da, zeren baldin aurreko perpausa baiezkoa bada, orduan mendeko perpaus horren adizkiak bait- aurrizkia hartu behar baitu, jakina den bezala.

Gutun honetanxe ditugu esandakoaren hiru exenplu:

...ene manera halako bazen-ere, non ezpaitzuen irudirik-ere....

...hark du engendratu... halako reberenzia bat, non... ezin asko mirets baitezakete....

...halakara mansotu eta ematu izan da, non egungo egunean... predikaten baita, ....

Damurik ez dut aurkitu adizkia ahaleran duen adibiderik, baina ez da dudarik lasai esan dezakegula:

Hain goiz da, non oraintxe joan eta Zarautzen bazkal baitezakegu.

Horrelako exenpluak, hots, aurreko perpausa baiezkoa delako perpaus kontsekutiboaren adizkiak bait- hartzen duenak, nahi adina aurki daitezke Leizarragagan eta orduko eta geroagoko beste edozein idazlerengan.

Nekezago aurkitzen dira bestelakoak, aurreko perpausa ezezkoa delako perpaus kontsekutiboaren adizkiak -n hartzen duenak.

Gutunean ez dago halakorik.

Hona bat halere Leizarragarena berarena, eta bikoitza gainera, Adbertimendua izena duen ondoko idaztikoa:

ezin hel dakidigu hain munduko egitate gaitzik ez maledikzione handirik, non gure probetxutan benedikatua eta sanktifikatua ezten, ez hain gaitz handirik, non gure emendiotan eta gure hobeagoatik ezten (Adbertimendua, 536. lerroa).

Eta Adbertimendua-ren ondoren ezarri zuen Somarioa delakotik harturiko bi hauek:

Eta ezta nehor hain ausartik izateko, non hari derron, zergatik egiten duena hunela edo hala egiten duen (13. lerroa).